29/5/11

Ondarrun nahiz Durangon, euskaraz!

durangon.com -en argiaratua, 2011.05.29

Gaurkoan euskaraz idazteari ekin deutsat, gaiak halaxe eskatzen daualako. Izan ere, domeka honek Bizkaian esangura berezia dauka, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak Ondarrun “Ibilaldia 2011” ospatzen daualako, eta askoz era apalagoan, Durangon, 10:30etatik aurrera Durangaldeko I. Spinning Maratoia egingo dalako.

Bai, gaiak holan eskatzen dau, biak hala biak, euskararen aldeko jaiak diralako. Dana dala, esparru desbardinetan eragin nahi dau ekitaldi bakoitzak. Batetik, ‘Ibilaldia’ duakagu, ikastolen alde dirua batzeko asmoz antolatzen dana; bestetik, Spinning Maratoia esparru informaletan euskararen erabilera sustatu gura dauana.

Euskara ikastea
Euskararen lurretan euskaraz gain, beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen dira, baina euskara euskaldunon hizkuntza espezifiko bakarra da. Zentzu honetan, Frankismo berantiarreko urteetan, etxeetan, eleizetan, txokoetan… antolatzen hasi ziran ikastola txikiak berebiziko garrantzia izan eben. Eskolan irakasten ez zan hizkuntza, euskara, belaunaldi barriei ezagutzera emoteko bide garrantzitsua izan ziran ikastolak.

Egun, ez dago zertan ezkutuan euskara irakatsi beharrik garai baten bezala, baina euskal herri guztietan euskara hutsean irakasten daben erakundeak jagoteko ekitaldiak antolatzea beharrezko suertatzen da, hala nola, ‘Ibilaldia’.

Euskara erabiltzea
Datuak euskararen jakintza mailan nahiko baikorrak dira. Esaterako, Durangon azken bi hamarkadetan, euskara menperatzen daben pertsonen kopurua bikoiztu egin da, eta euren burua euskalduntzat daukien durangarrak biztanleriaren %74,1-a da, EUSTATen 2006ko datuen arabera. Aldiz, euskera euren eguneroko bizitzako hizkuntz nagusia daben durangarrak %16,7-a baino ez dira, iturri berberaren arabera.

Zentzu honetan eragin nahi dau Durangaldeko I. Spinning Maratoiak. Izan ere, eskualdeko lehenengoa izan arren, euskara hutsean antolatzen dan lehenengoa da euskararen lurretan. Euskarak erabiltzeko espazioak irabazi behar deutsoz erdarari, eta bide horretan, kirolaren esparrua erdalduna dala esan beharra dago.

Atzokoan, Spinning Maratoiko prestaketa lanetan 30 gazte baino gehiago ibili zan bizikletak hara eta hona mugitzen, ekitaldiko materialak batzen, etab. Oraindik badagoanez non jardun euskeraren alde, badago euskaltzalerik! Eskerrak! Izan diralako, diralako eta izango diralako jarraituko dau euskarak izaten.

Bide luzea daukagu egiteko euskararen erabileran, dudarik ez dago… Bidai honetan ikastoletatik pasatu beharko dogu lehenengo, bogan edo pedalei eraginez erabilerara heltzeko. Ondarrun nahiz Durangon, gaur badago non jardun euskararen alde. Baina ez daigun ahaztu, gure etxeko bazterrean, lantokietan, kalean, lagunartean… ere badagoela bogan edo pedalei eragiterik!

No hay comentarios: