31/10/06

Ausartei omenaldia

"Locura es pensar que se logrará algo diferente
haciendo siempre lo mismo".
Albert Einstein


Utopiari buruz pentsatzen jarrita, lehenengo kontraesanagaz egiten dot topo; utopia, latinez u-topos, lurrean lekurik ez daukana.
Horregatik, idazteko aukera opatzen jatan honetan, ez dot utopikoei buruz berba egin nahi… ausartei buruz baino, lurrean tokia dauken ausartei buruz. Egunero, ezer ez egoan lekuan sortzen dabilenari, pertsona bi batzen dauzanari, proiektu barri bat sustatzen dauanari, desbardin pentsatuta entzuteko prest dagoanari, bere denbora besteen zerbitzura jartzen dauanari, lagun urkoari hazteko aukera emoten deutsanari… benetan be, erreinu bat eraikitzen dabilzalako lerro honeek eurentzat dira; eguneroko gauzen txikitasunetik, gauza handi bat eraikitzen dabilzanaz ziur nago.
Utopia… Jainkoaren erreinua ere Jesusen utopia zan, bai horixe! Gizateria "Jainkoak bere erregetzarako hartuko leuken lurralde" bihurtzea, utopia ez bada, zer da utopia? Jesusek hori prestatzera deitu gintuen, "Jainkoaren erreinua etortzear dago" iragarri eban eta. Egitear dagoala esango neuke nik, danon artean egin beharrekoa.
Ez al da ausarta “erreinu” bat eraikitzen saiatzea? Modan dagoana, ez beste zeozer egitea, ez al da ausarta? Erosotasuna itzita beste zeozer saiatzea, ausarta ete? Ezezaguna danari aurre egiteko, ausardia behar da! Hamaika aldiz lortu barik saiatu eta gero, barriz ekiteko ausarta izan behar da, ezta? Ziur nago baietz, baina merezi daulakoan nago!
Eta amaitu baino lehen, orain dala urte batzuk Gabriel Arestiren poema bat “oparitu” eustien, eta sarri askotan jotzen dot bertara, gogora ekarten baiteusku norberak ez dauala ezer handirik egiten. Gure ideia eta proiektuak besteengandik hartzen doguz, moldatu eta besteen zerbitzura jarri, aurrera egiteko asmoz:


Nire poesia oso merkea da
Herriaren ahotik
Hartu nuen debalde
Eta debalde
Herriaren belarriari
Ematen diot.

Gabriel Aresti

19/8/06

Orduña udalekuak 2006

Uda honetan ere monitore!
Ez da gitxi. Nork esango leukean orain dala pare bat urte, lanean hasi eta gero, udan monitore lez jarduten jarraituko genduanik. Ba, bai; bai jauna!!
Bertatik, Interneteko bozgorailu honetatik eskerrak emon nahi neuskioz, azken uda honetan, abuztuaren 1etik 15era Orduñako udalekuak, egi bihurtutako amets bat izateaz arduratu diranei. Bai, danei... hasi aterpetxeko langileetatik, gazte taldetik pasatu eta, zelan ez, monitordo taldeari ere.

Egi bihurtutako ametsa
Hauxe esaten dodanean, beren-beregi aukeratutako hitzekaz esaten dot. Bai.
Ez al da egi bihurtutako ametsa Xabier de la Flor Tologorriraino eroatea?
Ez ote da egi bihurtutako ametsa, 15 gau ta egun, 50 gazte eta 7 monitore alkarbizitzen egotea, eta amaieran pozez San Mames-eko erakustazokan abestea?
Ez ote da egi bihurtutako ametsa 14-15 urte bitarteko gazte talde batek 15 egunetan zehar, inolako arazo nabarmenik ez sortu izana? Ez al dira askotan kritikatzen doguzan gazte-errebelde horreetako batzuk? Gure aurriritziak dirala pentsatzen hasita nago.

Beste bat baietz atara!
Eta nahikoa ez balitz, hurrengoari begira jarrita gagoz... Nik uste dot, beste behin ere, utopiari lekua egingo deutsagula hurrengo udan; utopia, lurrean lekurik ez daukan gauza da... baina aski probatuta dago horri ere lekua egiten deutsagula, urtero udalekuetan.
Bejon deigula!