14/1/11

Betor Euskadi normala

Anboto astekarian argitaratua, 2011.01.14an.

Borborrean hasi jaku 2011. urte barri hau, eta zorionez, zordunak zorrak ordaintzen hasi dira! Iazko iraila aldean agerkari honetan Gernikako Estatutua bete barik eta herri honen bake mina asetu barik egozala salatzen neban, baina 2011an horreek guztiak betetzeko asmoz dabilzala emoten dau, hala batzuek, nola besteak.

2011 honetan horrelako hamaikatxo ikustekoak ete gara? Nik bat baino ez neuke ikusi gura: normaltasuna. Herri honetan denbora larregi daroagu normalak ez diran gauzak ikusten, entzuten eta bizitzen. Gaurkoan, nire ahotsa normaltasun eske dabilen oihu bati batu gura deutsa.

Ez da normala orain dala hogeita hamaika urte erreferendum bidez baieztatutako Gernikako Estatutua bete barik egotea; normalean legeak betetzeko egiten dira. Ez da normala Eusko Legebiltzarrak herritar guztien ordezkariak ez batzea; normala alderdi guztiek ordezkaritza eukiteko aukera izatea da. Ez da normala, herenegun, Zapatero Lehendakariagaz alkarrizketatu eta gero, Iñigo Urkullugaz batzartu behar izatea; normala ordezkaritza gehien daukan alderdiak Lehendakaria izatea da. Ez da normala XXI. mendean, Europa zaharrean, herri batek bake mina izatea; normala baketan egotea da. Betor normaltasuna Euskadira 2011n.

No hay comentarios: