Mostrando entradas con la etiqueta euskera. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta euskera. Mostrar todas las entradas

3/12/11

Gaur ospatu, urte guztian bizi!

2011ko abenduaren 3an, durangon.com -en argitaratua

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da. Gaur ospatzeko daukaguna, euskara, urte guztian komunikatzeko, pentsatzeko, jolasteko… bizitzeko erabili daigun!


Abenduaren 3a aukeratu izan dogu euskaldunok Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Egia esan, ez naz ni ospakizun honeen zalea, baina tira!, guztiok ospatzen dogu gure urtebetetzea urtean behin, eta euskarak ere berea merezi dau.

Euskara eta hiztunak Durangon
EUSTATek (Euskal Estatistika Erakundea) argitaratzen dituen datuen arabera, durangarren %48,4ak euskalduntzat dauka bere burua, hau da, euskarazko irakurketa, idazketa eta hizkera maila altua dauka, eta %25,7ak ia-euskalduntzat dauka bere burua. Euskaldun hitzaren etimologiari jarraiki, (euskara + dun atzizkia) euskara daukienak dira euskaldunak, eta beraz, datu honeen arabera oso baikorrak izateko moduan gengokez.

Aldiz, euskararen erabileraren errealitatea bestelakoa da iturri bardinari arretaz behatuz gero: Durangon euskararen erabilera eguneroko bizitzan %16,8koa baino ez baita.

Ospakizunaren jatorriari so
Eusko Ikaskuntzako bazkide nazen aldetik, aldarrikatu beharrean nago 1949tik ospatzen dala Euskararen eguna, eta ez da ausazkoa Nafarroako patroia dan Xabierko Frantzisko deunaren egunarekin bat egitea, bera egun horretan, hil-zorian egoala, ahozkatu ebazan azken hitzak euskaraz izan baitziran.

Azken hitzak euskaraz, eta hortik Euskararen Nazioarteko Eguna. Hitz jokoa emoten dau, baina zer pentsatu ere emon beharko leuskigu. Hiztunak egiten dau euskara, hiztun barik ez dago hizkuntza bizirik… Horregatik, gaurkoan, Euskararen Nazioarteko Egunean ospakizuna baino, urtebetetzea ospatu beharko genduke: jaio ginan egunetik urtebetera, urte osoan zehar bizi izana ospatzen dogu urtebetetzean.

Euskararekin ere bardin gertatzea nahi neuke, abenduaren 3an ospatzea urte guztian bizi izan doguna: euskaraz bizi izana, hain zuzen ere. Durangon euskaldun izatea ondo dago, baina ospatzeko arrazoi gehiago izan daiguzan euskaldun lez bizi behar dogu datorren abenduaren 3ra arte. Beraz, gaur ospatu, ta urte guztian mintzatu, gozatu, pentsatu… bizi euskaraz!

29/5/11

Ondarrun nahiz Durangon, euskaraz!

durangon.com -en argiaratua, 2011.05.29

Gaurkoan euskaraz idazteari ekin deutsat, gaiak halaxe eskatzen daualako. Izan ere, domeka honek Bizkaian esangura berezia dauka, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak Ondarrun “Ibilaldia 2011” ospatzen daualako, eta askoz era apalagoan, Durangon, 10:30etatik aurrera Durangaldeko I. Spinning Maratoia egingo dalako.

Bai, gaiak holan eskatzen dau, biak hala biak, euskararen aldeko jaiak diralako. Dana dala, esparru desbardinetan eragin nahi dau ekitaldi bakoitzak. Batetik, ‘Ibilaldia’ duakagu, ikastolen alde dirua batzeko asmoz antolatzen dana; bestetik, Spinning Maratoia esparru informaletan euskararen erabilera sustatu gura dauana.

Euskara ikastea
Euskararen lurretan euskaraz gain, beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen dira, baina euskara euskaldunon hizkuntza espezifiko bakarra da. Zentzu honetan, Frankismo berantiarreko urteetan, etxeetan, eleizetan, txokoetan… antolatzen hasi ziran ikastola txikiak berebiziko garrantzia izan eben. Eskolan irakasten ez zan hizkuntza, euskara, belaunaldi barriei ezagutzera emoteko bide garrantzitsua izan ziran ikastolak.

Egun, ez dago zertan ezkutuan euskara irakatsi beharrik garai baten bezala, baina euskal herri guztietan euskara hutsean irakasten daben erakundeak jagoteko ekitaldiak antolatzea beharrezko suertatzen da, hala nola, ‘Ibilaldia’.

Euskara erabiltzea
Datuak euskararen jakintza mailan nahiko baikorrak dira. Esaterako, Durangon azken bi hamarkadetan, euskara menperatzen daben pertsonen kopurua bikoiztu egin da, eta euren burua euskalduntzat daukien durangarrak biztanleriaren %74,1-a da, EUSTATen 2006ko datuen arabera. Aldiz, euskera euren eguneroko bizitzako hizkuntz nagusia daben durangarrak %16,7-a baino ez dira, iturri berberaren arabera.

Zentzu honetan eragin nahi dau Durangaldeko I. Spinning Maratoiak. Izan ere, eskualdeko lehenengoa izan arren, euskara hutsean antolatzen dan lehenengoa da euskararen lurretan. Euskarak erabiltzeko espazioak irabazi behar deutsoz erdarari, eta bide horretan, kirolaren esparrua erdalduna dala esan beharra dago.

Atzokoan, Spinning Maratoiko prestaketa lanetan 30 gazte baino gehiago ibili zan bizikletak hara eta hona mugitzen, ekitaldiko materialak batzen, etab. Oraindik badagoanez non jardun euskeraren alde, badago euskaltzalerik! Eskerrak! Izan diralako, diralako eta izango diralako jarraituko dau euskarak izaten.

Bide luzea daukagu egiteko euskararen erabileran, dudarik ez dago… Bidai honetan ikastoletatik pasatu beharko dogu lehenengo, bogan edo pedalei eraginez erabilerara heltzeko. Ondarrun nahiz Durangon, gaur badago non jardun euskararen alde. Baina ez daigun ahaztu, gure etxeko bazterrean, lantokietan, kalean, lagunartean… ere badagoela bogan edo pedalei eragiterik!